XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) nahiago zutela begia, edo besoa edo zangoa edo dena delakoa betiko galduta bizi, gerran hilda geratu baino, hori askotan entzun zien.

Negar egiten zuten haiek txepetxak bezala urtu arte, gertatu zitzaienaz oroitzean.

Imanolek, txori guztiak maite zituen, bai airean zihoazela, baita kaiolatuta ikusten zituenean ere.

Imanolen amak ere negar egin zuen egun batean, postariak gutun bat ekarri eta hura irakurri zuenean.

Sukalde bazterrean zeuden ama-semeak, biak bakarrik, mutikoa orduantxe etorrita, eskolatik.

Ibai bat txirrian jaitsi zen amaren begietatik eta Imanol harritu egin zen, ondo estutu zuelako amak bere beso zuri gurien artean; ez baitzuen bere sentimendurik sarritxo kanporatzeko ohiturarik.

Aita hil egin zigutek gerran.

Amak esanda jakin zuen.

Jaxinto, Imanolen aita, soldadu zen, soldadu profesionala, eta beti zebilen batetik bestera gerra egiten eta horregatik hari buruz zekiena lanbroetan gordeta bezala agertzen zitzaion mutikoari, inoiz inon zehaztu gabe.

Aitarik gabe hazi eta aitarik gabe egin zen mutiko, esan daiteke.

Inoiz gutxitan agertu zen etxera.

Gabonetan, herriko jaietan..., eta ez zuen bereziki hunkitu hura hilda zegoela jakiteak.

Imanolek, gainera, ez zuen negar egiten.

Gizon zela uste zuen berak, eta gizonek ez dute malkoak alferrik isurtzeko astirik.

Hori erakutsi zioten behinik behin.

Imanolek ez zuen ulertzen zergatik pizten ziren gerrak, zergatik joaten ziren mutiko lumagabeak beste mutiko lumagabeen kontra borroka egitera inoiz egon ez ziren paraje eta leku urrunetara.